Abenduaren 6an argitaratu da Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean Forjaketa eta Galdaketa industriaren BREF berria, enpresen ingurumen-inpaktua hobetzera zuzenduta dagoena eta galda-enpresentzako berebiziko garrantzia duen dokumentua.
Iraunkortasunari eta ingurumenarekiko errespetuari buruzko kezka gero eta handiagoko testuinguru batean, galdaketa-enpresek sektoreko ingurumen-jardunbide onenak arautzen dituzten Europako azken araudien berri izan behar dute. 2024ko abenduaren 6an, Europar Batasunaren Egunkari Ofizialak BREF (Best Available Techniques Reference Document) ondorioen dokumentu berria (euskaraz TEO, Teknika Erabilgarri Onenak, erreferentzien dokumentua), argitaratu du, galdaketaren industrian ingurumen-inpaktua murrizteko teknika erabilgarri onenak ezartzen dituen gidalerro multzoa.
BREF dokumentu berri hau funtsezkoa da sektoreko enpresentzat, irizpide argiak eta zorrotzak ezartzen baititu hainbat arlotan, hala nola, isurien kudeaketan, baliabideen erabileraren eraginkortasunean, hondakinen tratamenduan eta airearen eta uraren kalitatearen hobekuntzan, besteak beste. Enpresek beren prozesuak doitu beharko dituzte ezarritako estandarrak betetzeko eta, kasu askotan, teknologia eta metodologia berriak inplementatu beharko dituzte baita. BREF ondorioen dokumentu hau nahitaez bete beharko da Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratu eta 4 urtera.
2024ko otsailean Forjaketaeta Galdaketa industriaren BREF berriaren zirriborroa argitaratu zenetik, AZTERLANeko Iraunkortasun eta Ingurumen lantaldeak dokumentu hori (800 orrialde baino gehiagokoa) aztertzeko lan garrantzitsua egin du, galdategiei tresna eta metodologia erabilgarriak eskaintzeko, BREF berriaren eskakizunei dagokienez zer egoeratan dauden jakiteko eta haien errealitatera egokitutako ekintza-plan bat diseinatu ahal izateko.
Galdategiei BREF berrira egokitzen laguntzeko AZTERLANen baliabide esanguratsuenak
- Ingurumen-ebaluazio eta -diagnostiko integrala, BREF berriaren zehaztapenak kontuan hartuta, hobekuntza-arloak identifikatzeko.
- Eskuragarri dauden teknologia eta praktika onenei buruzko aholkularitza teknikoa emisioak, energia-kontsumoa eta hondakinen sorrera murrizteko.
- Araudia betetzeko laguntza, enpresek legezko baldintza guztiak betetzen dituztela eta ingurumen-jardunbide onenak ezartzeko pizgarriak edo dirulaguntzak eskura ditzaketela ziurtatuz.
- Neurrira egindako ekintza-planak, enpresa bakoitzaren behar espezifikoetara egokitzen diren konponbideekin, eta epe luzerako baliabideen optimizaziorantz eta jasangarritasunerantz gidatuta.
- Dibulgazio baliabideak BREFa eta haren betekizunak hobeto ulertzeko.