Europar Batasunak CleanSky2 (Horizon 2020) programaren bitartez diruz lagundutako Rib-ON proiektu europarrak aluminiozko aleazioen berozko konformatzeari lotutako hainbat erronka teknologikori erantzuna eman nahi die.
Hegazkinen pisua gutxitzea hegazkingintza sektoreak aurre egin beharreko erronka garrantzitsua da efizientzia energetikoa hobetzeko bidean. Hori dela eta, aluminioa, duen arintasunagatik eta bestelako ezaugarriengatik, hegazkingintzan erabilera zabaleko materiala da osagarriak fabrikatzeko orduan.
Testuinguru honetan, Rib-ON proiektuak “Innovative Stamping Die for Aluminium Ribs Hot Stamping” aluminio aleaziozko txapa konformatzeko estanpaziorako gailu modularra garatzea du helburu, beti ere, teknologia honek eskaintzen dituen aukerak ahalik eta gehien ustiatzeko asmoarekin.
Zehazki, Rib-ON proiektuak, erreminta bakar baten bitartez, wing-ribs familiako hainbat osagarri (etorkizuneko hegazkin hegoen eskeletoaren atal bat) lortzea ahalbidetuko duen soluzio bat garatuko du. Erreminta honekin fabrikatuko diren osagarriak Europar Batasuneko Clean-Sky programaren hegaldi demostratzaile berrietan erabiliko dira.
Proiektuaren ardatz teknologiko bezala berozko estanpazioa erabiltzeak erronka esanguratsuak suposatzen ditu ikerlari lantaldearentzako, izan ere, erremintak, materialari forma emateaz gain, konformatze prozesu berritzaile honen bitartez fabrikatuko diren osagarrien prestazio altuak bermatu beharko ditu.
Bere aldetik, erabilitako materialak higiduraren eta beroaren aurrean hobekuntzak jaso beharko ditu. Ondorioz, erremintaren altzairuarengan eta honen gainazalaren egokitzapenarengan ere ekin beharko da. Horrez gain, modularitatea bateragarria izan beharko da erremintan zeharreko bero fluxuaren kontrolerako sistemen ezarpenarekin.
Rib-ON proiektua CleanSky2 programak diruz lagundua da Europar Batasunaren Horizon 2020 programa markoaren baitan eta bi urtez luzatuko da. Batz S. Coop. enpresa da proiektuaren buru, berozko konformatze teknologiekin lotutako garapen metalurgikoen alorrean IK4-Azterlan Zentro Teknologikoaren laguntza duelarik.
Europar Batasunaren Horizon 2020 iniziatibaren baitako Clean Sky 2 programaren webgunea