TALLERES F. LARRINAGA S.L., Metal Stamping & Hot Industry S.L. (MESHIND) enpresak eta AZTERLAN Metalurgia Ikerketa Zentroak elementu horiek garatzen dihardute, zeintzuek muturreko lan-baldintzak jasan beharko dituzten. Helburu horrekin, materialen portaeraren eta aplikazio-baldintzen azterketa sakona burutzea funtsezko urratsa izango da, ondoren fabrikazio-osagai eta -ibilbide egokienak diseinatzeko.
Muturreko inguruneetan, hala nola off-shore instalazioetan edo instalazio kimikoetan gertatzen diren lan baldintzetan, produkzio-ekipoek eta -baliabideek lan-baldintza gogorrak jasaten dituzte, osagaien, ekipoen eta egituren iraunkortasunari eta segurtasunari eragiten dietelarik. Enara Mardaras doktoreak, AZTERLANko materialen korrosioan eta babesean adituak, azaltzen duen bezala, “off-shore plataformen kasuan, adibidez, korrosioa arazo nagusietako bat da. Ur gaziaren eta eguraldi txarraren arteko nahasketa oso korrosiboa da, eta hodiei ez ezik, gainerako ekipamenduari ere eragiten die, haien balio-bizitza eta egitura-funtzionaltasuna arriskuan jarriz. Planta kimikoen kasuan, berriz, ingurune agresibo ohikoenak izaten dira ura eta disoluzio urtsuak, azidoak eta alkaliak, etab. hautsak eta hareak eragindako urradurarekin batera”.
Egoera honetan, hodiek eta balbulek rol kritikoa betetzen dute. MESHINDeko zuzendari Unai Garateren hitzetan, “hodietatik zirkulatzen duten fluidoek presio altuetan zeharkatzen dituzte balbulak, eta gasak, ura, produktu kimikoak, airean dauden solidoak eta abar konbinatzen dira. Puntu horretan, balbulen eragingailuak segurtasuna eta fidagarritasun operazionala bermatzeko lehen defentsa-lerroaren parte dira. Gainera, hainbat ingurumen-faktorerekin lan egiteko prestatuta egon behar dute, hala nola tenperatura baxuekin, aire zabalean eta zikinkeriarekin, presioen aldaketekin eta abarrekin”.
Itzulera-laurdeneko eragingailu mekanikoak balbulen osagai kritikoak dira, eta balbulak irekitzea eta ixtea ahalbidetzen dute. Ixte-parea eskuzko bolante baten bidez edo eragingailu elektriko baten bidez aplikatzen da, baina beti eragingailu mekanikoaren bidez, zeinak balbula irekitzeko edo ixteko aplikatutako parea biderkatzen duen. TALLERES F. LARRINAGA S.L. balbulagileak zehaztu duen bezala, “osagai horren fidagarritasuna funtsezkoa da denboran zehar; haren akatsak istripu oso garrantzitsuak ekar baititzake. Zehazki, muturreko inguruneetan aplikatzeko, merkatu-aukera bat hauteman dugu produktu berriak garatzeko. Egoera horietan euren funtzionagarritasuna ahalbidetuko duten zehaztapen tekniko zorrotzak beteko dituzten produktuen garapena, hain zuzen”.
Helburu horrekin, TALLERES F. LARRINAGAk (proiektuaren koordinatzailea), MESHINDek eta AZTERLANek osatzen duten taldea “proiektu bateratu batean ari gara lanean, balbuletarako itzulera-laurdeneko eragingailu sorta berritzaile bat diseinatu eta garatzeko, bi hautabideren bidez: laser cladding teknologia erabiliz eta fabrikazioko beste teknologia aurreratu batzuen bidez”. Eragingailu berri hauek korrosio eta tenperatura baxuko muturreko inguruneetan erabiltzea ahalbidetuko duten zehaztapen tekniko zorrotzak beteko dituzte. “Eragingailuen 9 eredu diseinatzera iristea espero dugu. Laser cladding-a erabilita garatuk ditugun alternatiben kasuan, gure helburuetako bat izango da multzo osoan %90eraino murriztea nikel eta molibdeno aleazio-elementuak, produktu hauen iraunkortasuna ere hobetuta”.
Lan hau ACTXTRM proiektuaren barruan garatzen ari da. Proiektu hau HAZITEK enpresetako I+Grako Laguntza Programak finantzatzen du ZL-2022/00663-ACTXTRM akordiopean. Eusko Jaurlaritzak eta Europar Batasunak batera finantzatutako jarduera da, Eskualde Garapeneko 2021-2027 Europako Funtsaren bidez (EGEF).