MODELAM proiektuak hidrogenoak eta nekeak eragindako ahultze fenomenoen ondorioz gertatutako pitzaduren hasiera fasean aleazio metalikoen jokaera modelizatzea du helburu.
Ahultzeak eta nekeak material metalikoetan hausturak nola eragiten dituzten deszifratzeak abantaila lehiakor handia eskaintzen die eskaera mekaniko eta elektrokimiko eskergak jasaten dituzten fidagarritasun handiko osagarriak erabiltzen dituzten sektoreei. Hauen artean aurkitzen dira, besteak beste, offshore sektoreko hainbat aplikazio.
Helburu honekin, MODELAM proiektuko kide diren IK4-Azterlan eta Ceit-IK4 Zentro teknologikoak eta Vicinay Marine Innovación (Vicinay Marine taldearen enpresa I+G unitatea), ikerkuntza proiektua burutzen ari dira zenbaki-metodo aurreratua eta egiaztatua lortzeko, zeinak balio altuko osagarrietan hausturen hasiera aurreikustea eta hauen zabalkundea modelizatzea ahalbidetuko duen.
Nahiz eta posible den behin haustura hasita berau tamaina makroskopiko zehatz batetik gora hazteko beharrezkoa den ziklo kopurua kalkulatzea, ez da ezagutzen zenbat ziklo behar diren haustura bera hasteko. Baina pitzaduraren hasiera elementu kritikoa da osagarriaren bizitzari dagokionean informazio asko ematen baitu konpondu nahi den arazoari aurre egiteko.
Hala ere, ahultzeari eta nekeari aurre egiteko diseinu metodologiek iritsiera laburra dute. Ohikoa da segurtasun neurri gehiegizkoak aurreikustea eta osagarri errealengan entsegu andana garestia egin behar izatea diseinuok balioesteko. Izan ere, diseinuek oinarri dituzten ikerketek eta ereduek osagarri errealaren ezaugarri eta erabilera baldintza esanguratsuak alde batera uzten dituzte.
Ondorioz, beharrezkoa suertatzen da haustura hasiera modelizatzea fenomeno hauen aurrean aleazio metalikoek nola jokatuko duten zehazteko.
MODELAM proiektuak, Eusko Jaurlaritzaren Elkartek programaren bitartez finantzatua, interes orokorreko kasuetan (hau da, produktu ugaritan aurkitzen diren zerbitzu baldintzetan) hutsune hauek betetzeko beharrezkoa den ezagutza sortzea du helburu. Emaitza hauek industria metal-mekanikoko sektore desberdinei zeharka erabilgarri suertatzea da helburua (hau da, metodologia aleazio metaliko eta prozesu produktibo ugariri aplikatzeko modukoa izan behar da). Horretarako, MODELAM proiektua offshore erabileretarako aingura-kateen kasuistikatik hasiko da, elementu hauek funtzio kritikoa betetzen baitute eusten dituzten elementuen (itsas haize-sorgailuak, petrolio-plataformak eta bestelako offshore ekipamenduak) segurtasuna eta funtzionamendu egokia bermatzeko orduan.
Honela, ikerkuntza esperimentala, jokaera ereduen garapena eta modelo hauen bidezko errealitatearen errepresentazioa uztartzeko erronkari aurre egin beharko dio Ikerlari taldeak.
Vicinay Marine Group-ek sortutako aingura kateak