SUSIE proiektuaren partzuergoak tresna-altzairuen azaleran kable tetrafilarra integratzea lortu du: “funtsezko urratsa, trokeletan eta fabrikazio-tresnerian iristeko zailak diren eremuetako datuak sentsorizatzeko eta jasotzeko aukera emango duena”.
Materialak eraldatzeko prozesuetan, gertaera garrantzitsu asko iristeko zailak diren lekuetan gertatzen dira, eta, lan-baldintzen ondorioz, ezin dira datuak zuzenean hartu. Ondorioz, prozesu horien monitorizazioa zeharka hartutako datuen bidez egiten da; gauza bera gertatzen da parametro horiez elikatzen diren modelizazio eta simulazioekin.
Hutsune horren aurrean, SUSIE proiektuaren partzuergoak, Azterlan Metalurgia Ikerketa Zentroaren gidaritzapean, aurrerapen garrantzitsua lortu du eremu kritiko horien sentsorizazioa errazteko bidean: “altzairuzko lanabesen gainazalean kableatua integratzea lortu dugu, teknologia gehigarria erabiliz”.
Proiektu-taldeak azaldu duenez, “potentzia hornikuntza eta seinale-erauzketa ziurtatzea funtsezko lehen urratsa da fabrikazio-tresnetan azaleko sentsore-sistema bat ezartzeko”. Hala, transduktorea tentsioz hornituko duen eta hark hartutako datuak transferituko dituen kablea larruazalpetik txertatuta, ikerketa-taldeak arrakastaz bete du ezarritako lehen helburua.
Lehen esperientzia arrakastatsua kable tetrafilarrak inplementatzen
Kable-sistema integratua isolamendu mineralez babestutako 4 kable zorrotatuk osatzen dute. “Ezagutzen dugun arte, arrakastaz lortzen den mota honetako lehen esperientzia da”, eta gaineratzen dute “termopareak eta kableak aldez aurretik barneratu diren esperientziak egon, badaude, baina ez dugu ezagutzen garatu ditugun baldintzetan kable tetrafilarrarekin egin den aurretiazko esperientziarik”.
Hori lortzeko, SUSIE partzuergoak LMD (Laser Metal Deposition) teknologia baliatu du: “soldaketa kontrolatu bat egiteko gai izan gara, bero baxuko ekarpen batekin, substratua (erremintaren metala) eta kableatua hondatzera iristen ez dena”. Hain zuzen, elementu horiek hondatu gabe soldadura arrakastatsua lortzeko lan-atalaseak identifikatzea balio handiko aurkikuntza da.
LMD bidezko gainazaleko kableatuaren soldadura-prozesua
Lerro hauekin batera ikusgai dagoen bideoak erreminta-altzairuzko kable tetrafilarrak larruazalpetik txertatzeko prozesua erakusten du, laser bidez metala gehitzeko teknologia gehigarrien bidez:
- Erreminta-metalaren azalera aurrez berotzea, prozesuaren oldarkortasuna murrizteko. Tako lauaren gaineko soldadura-kordoi finak egin dira, bero-ekarpen oso txikiarekin, substratuaren osotasunari nola eragiten dioten egiaztatzeko. Ekarpen-lodiera desberdinen eta bero-mailen afekzioa alderatu dira.
- Hodiak erabilita soldadura-prozesu bera egin da (kableen formarekin antz handiagoa dutelako), kurbadurek bero-erauzketari eragiten diotelako. Erreferentziazko hainbat kordoik soldadura arrakastatsua den atalasea bilatzea ahalbidetu dute, substratua hondatu gabe.
- Kableen integrazioa: zorroratuta eta isolamendu mineralaren bidez babestuta dauden 4 kable tetrafilarrak erreminta-altzairuaren azalera soldatu dira, haien osotasuna ziurtatuz eta integrazio arrakastatsua ahalbidetuz sentsoreari potentzia eta jasotako datuak transmititzea ahablbidetzeko.
Aurkezpena MESIC 2021 kongresuan
Ikerketa lan honen emaitzak MESIC 2021 kongresuan (Manufacturing Engineering Society International Conference) aurkeztuko dira, Gijonen (Espainia), 2021eko ekainaren 23, 24 eta 25ean.
SUSIE proiektua Eusko Jaurlaritzaren ELKARTEK 2020 programak babestutako proiektu estrategikoetako bat da (KK-2020/00063 espediente-zenbakiarekin), eta 612.000 euroko aurrekontua du guztira. Azterlan Metalurgia Ikerketa Zentroak gidatzen du, TEKNIKER eta TECNALIA teknologia-zentroen parte-hartzearekin, eta proiektuaren garapen teknikoetan lan egiten duten MUko eta UPV/EHUko unibertsitateekin lankidetza estuan; INVEMAk, berriz (Zientzia eta Teknologiako Euskal Sarearen barruko Eskaintza/Eskari Bitartekaritzako Eragilea), hedapen- eta kontraste-lanak egingo ditu industria-ingurunearekin.