IK4 Aliantza Teknologikoak hamargarren urteurrena ospatu zuen Donostiako Aquariumean egin zen ekitaldi jendetsu batean. EAEko instituzioetako, zientzia eta teknologiaren eta enpresaren alorretako ordezkari ugari izan ziren bertan. Ekitaldiaren buru Arantza Tapia izan zen, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Lehiakortasuneko sailburua, eta parte hartu zuten Iñaki Aranburu IK4ko lehendakariak eta José Miguel Erdozain Aliantzako zuzendari nagusiak ere.
Mahai-inguru bat ere egin zen ekitaldian, eta Aliantzako Ik4-Azterlan, Ik4-Ceit, Ik4-Ideko eta Ik4-Ikerlan ikertzailek zenbait gai eztabaidatu zituzten: zentroei zer balio ematen dien zentro teknologikoen aliantza batek, IK4 bezalako batek; ezagutza enpresetara transferitzearen adibideak; eta IK4k EAEko enpresa-sareari eskaintzen dizkion aukera berriak, esaterako, Industry 4.0 delakoan duen lidergoa.
Bederatzi zentrok osatzen dute IK4, 1.300 ikertzaile inguru digu eta 100 milioi euroko diru-sarrerak urtean. Hamar urte hauetan, Euskadiko ekonomiarako eragile nagusi gisa finkatu da, erreferentzia bihurtu baita enpresak lehiakorragoak izateko I+D+Ba enpresetara transferitzeko orduan.
Hala diote IK4k gaur egun aurkeztu ditzakeen zenbakiek. Hamar urte hauetan, EAEko Aliantzak 800 bat enpresarentzat I+G+Bko proiektuak egin ditu urtean, eta 4.000 bezero pribatuko zifra globala gainditu du.
José Miguel Erdozain zuzendari nagusiaren iritziz, IK4 “erreferentziazko eragile” gisa finkatu da, EAEko enpresei “produktu eta prozesuetarako lehiatzeko abantaila gehiago emateko”. “Aliatu aproposa izan nahi dugu bere enpresa-estrategian berrikuntza funtsezko lehiatze-tresna gisa baliatu nahi duen euskal enpresarentzat”, adierazi zuen.