Ikerkuntza Metalurgikorako Zentroak bero biltzaile baten diseinuan eta ekipoaren funtzionamendu zuzena ahalbidetuko duen estalduren eta substratuen garapenean parte hartzen du.
Industriaren lehiakortasuna efizientzia energetikoaren bitartez hobetzeko helburuarekin, IK4-AZTERLANek BEROA-GO proiektu kolaboratiboan parte hartzen du. Proiektu honen helburua da tenperatura altuan lan egiten duten piezek zein ekipoek erradiatutako energia biltzeko estaldurak garatzea elementuok igorritako beroa berreskuratu eta berrerabili ahal izateko.
Balizko soluzioak bilatzeko lehen hurbilketa bat egin ostean eta hauen bideragarritasun teknikoa aztertuta, proiektua bigarren fasean aurkitzen da: bero biltzailea diseinatzea, estaldurak eta substratuak garatzea eta, aldi berean, kolektore honek industrian izan dezakeen inpaktua neurtzea. 2018 urterako sistemaren lehen prototipo bat garatzea aurreikusten da.
BEROA-GO proiektua Eusko Jaurlaritzaren ELKARTEK programak finantzatutakoa da (esparru estrategikoetan ikerketa kolaboratiboa bultzatzeko) eta Tecnaliak koordinatzen du IK4-Azterlan, IK4-Cidetec, IK4-Ikerlan, IK4-Tekniker eta CIC Energigune Zentro Teknologikoetako eta UPV/EHUko ikerlari talde esanguratsu baten laguntzarekin.