Azpiegitura berria AZTERLANen Teknologia Aurreratuen Unitatearen parte izango da eta AZTERLANen galdaketarako I+G eskaintza indartzera bideratuta dago. Azpiegitura honi esker diseinu konplexudun eta material berriekin fabrikatutako prototipo esperimentalak garatzeko gaitasunak ere indartuko ditu AZTERLANek.
Hareazko 3D inprimaketak diseinuaren malgutasunarekin lotutako abantaila garrantzitsuak eskaintzen ditu, batik bat geometria oso konplexuak dituzten moldeak eta/edo arrak sortzeko aukera ematen duelako eta osagarrien atal desberdinen eredu fisikoen beharrik ez daukalako moldearen/arraren forma osatzeko. Teknologia gehigarri honetan, erretxina likidoa hareazko geruza fin baten gainean aplikatzen da (aldez aurretik aktibatuta dagoen harea), eta geruzaz geruza deposizionatzen da erretxina erreaktiboa injektatuz CAD bitartez zehaztutako eremuetan. Lan-alor garrantzitsua da osagai konplexuen diseinu berrien garapenean, elikatzeko eta betetzeko sistema berritzaileen garapenean edo moldekatze- eta solidotze-prozesuen trazabilitatean eta digitalizazioan aurrera egiten jarraitzeko, besteak beste.
Hareazko moldeak eta arrak garatzeko azpiegitura zientifiko-teknologiko berriari esker, AZTERLANek I+G ekimena indartzeko aukera izango du molde berritzaileak fabrikatuz eta, horiekin, funtzionaltasun handiagoko osagai metaliko aurreratuak. Honen bitartez, alor hauetan soluzio berriak diseinatzeko eta garatzeko gaitasunak tinkotzeko aukera izango du. Horrez gain, gaitasun berri honi esker diseinu berrien eta material berezien prototipo esperimentalak garatzeko eta fabrikatzeko jarduerari bultzada esanguratsua eman ahal izango du bere ikerketa-taldeei malgutasun eta azkartasun handiagoa emanez.
Hareen 3D inprimaketa bidez, AZTERLANek soluzio berritzaileen eskaintza zabaldu ahal izango du moldeen fabrikazio gehigarriaren sektorerako eta galdaketa sektorerako, baita hainbat bezero-sektoretarako ere, besteak beste, automobilgintzarako (errekuntza-motorrak eta E-mobility barne), hidraulikorako, aeroespazialerako, birziklapenerako eta galdaketa-hondarren berrerabilerarako.
AZTERLANek azpiegitura berritzaile honi esker indartu nahi dituen ikerketa-ildoen artean, honako hauek nabarmentzen dira:
- Pieza oso konplexuen geometriak diseinatu eta fabrikatzea, fabrikazio-sistema tradizionalen bidez lortu ezin diren formak dituzten hareazko molde/arretan galdatuta
- Pieza arinen eta/edo kontzeptu bioinspiratuen eta/edo erretikularren diseinua eta fabrikazioa, fabrikazio-sistema tradizionalen bidez lortu ezin diren formak dituzten hareazko moldeetan/arretan galdatuta
- Gaur egun mihiztatuta garatzen diren multzoak ordezkatzeko gai diren pieza urtuen diseinua eta fabrikazioa
- Mota guztietako sentsoreak txertatzea ahalbidetuko duten moldeak fabrikatzea, betetze-, solidotze- prozesuak, geometrien deformazioa, lautasuna, gasen sorkuntza eta beste hainbat denbora errealean monitorizatzeko.
- Galdatutako piezak betetzeko eta elikatzeko prozesuarekin lotutako akatsak iragartzeko sistemak garatzea, baita moldean gasak sortzetik datozenak ere.
- Moldeetan piezak kokatzeko estrategia berriak, moldearen/metalaren errendimendua optimizatzeko eta energiaren eta materialen kontsumoa murrizteko, bai eta deformazio-akatsak murrizteko ere, eta, horrela, mekaniztu beharreko atalak murrizteko, galdatutako piezen dimentsioak lortu nahi diren azken geometrietara hurbilduz.
- Galda-osagarriak betetzeko sistemen estrategia berriak, piezetan sartzeko problematika orokorrak minimizatuko dituztenak
- Mazaroten tamaina murriztuko duten eta molde/metal errendimendua handitzea ahalbidetuko duten elikadura-sistemen estrategia berriak
- Hozte-sistema erantsiekin galdatutako piezak fabrikatzeko estrategiak
- Galdatutako piezen hozte-abiadura (“engineered cooling”) kontrolatzeko fabrikazio-estrategiak, propietate mekaniko optimizatuak lortzeko helburuarekin
- Berrerabil daitezkeen hareak txertatzeko estrategiak, hondakindegira hondakin gisa egiten den isurketa murriztuz, ekonomia zirkularra bultzatuz, birziklapenaren eraginkortasuna hobetuz eta ingurumen-inpaktua murriztuz
- Fabrikazio gehigarria eta fabrikazio teknologia konbentzionalak uztartzearen abantailak aztertzea, oraindik existitzen ez diren geometria-piezak lortzeko
Azpiegitura guztiz hornitua eta AZTERLANen bestelako gaitasun aurreratuekin osagarria
Moldeak 3D teknologiaren bidez fabrikatzeko gaitasun berri horrek berezko instalazioak izango ditu non, besteak beste, 3D inprimatzeko makina bat, hareak nahasteko, bahetzeko eta hornitzeko sistemak eta moldeak ontzeko, garbitzeko eta maneiatzeko eremuak izango ditu.
Gaitasun teknologiko berri hau AZTERLANen beste gaitasun batzuekin osatzen da, hala nola, hareak fisikoki, kimikoki eta mekanikoki karakterizatzeko, material metalikoen fusiorako eta hauts metalikoen atomizaziorako gaitasunekin. Gainera, AZTERLANek erabat hornitutako karakterizazio- eta saiakuntza-laborategiak ditu, garatutako piezen propietateak egiaztatzeko.
Azpiegitura berri hau Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundutakoa da.