Dori Dueñas (ezkerra) laginak prestatzeko teknikariarekin eta Olaia Miguelez (eskuina) Fabrikazio Teknologia Adimendunen ikertzailearekin hitz egin dugu, teknologia eta industriaren esparruan emakumeek duten presentziaz.
Azal dezakezue labur-labur zuen ibilbidea eta lan-esparrua AZTERLANen?
Dori: Analisi metalografikoetarako laginak prestatzen lan egiten dut. Aurrez, metalaren industriako hainbat industria-enpresatan lan egin dut: estanpazioa, forjaketa, mekanizazioa, soldadura, egiaztapena… Hainbat lanpostutan aritu naiz. Duela urtebete inguru sartu nintzen AZTERLANen.
Olaia: Ni metal-fabrikazio prozesuetarako biki digitalen eta kontrol-tresnen garapenean aritzen naiz. Nire lanaren zati garrantzitsu bat datu-iturriak kudeatzea da, modu adimentsuan ustiatu ahal izateko, enpresentzat informazio baliotsuan bilakatzeko. Gure lanaren azken helburua prozesuen kontrola hobetzea da, iragarpenak egin ahal izatea eta ekintza zuzentzaileak planteatzen dituzten sistemak garatzea parametroak kontroletik kanpo daudenean edo produkzio baten emaitza akastuna izango dela aurreikusten denean horiek berbideratzeko, esate baterako.
Zer pertzepzio duzue emakumeak teknologiaren eta industriaren esparruan duen presentziari eta parte-hartzeari buruz?
Dori: Lan egin dudan enpresa industrialetan emakumeen presentzia nabarmen txikiagoa izan da lanpostu teknikoetan. Esan behar dut, arlo pertsonalean, ez dudala uste faktore mugatzailea izan denik niretzat, ez lanpostu horiek lortzeko orduan, ezta gainerako lankideekin izan ditudan harremanetan ere. Aitzitik, beti sentitu naiz errespetatua eta integratua parte hartu dudan taldeetan.
Olaia: Nire kasuan, informatikako ingeniaria naizen aldetik, ikasketen etapa horretatik bertatik aurkitu naiz emakumeak gutxiengoa ginelako testuinguruan, bai ikasten ari nintzen sasoian, bai geroago lanmunduan, non metalaren industrian nabilen. Niretzat ere ez da mugatzailea izan, eta ez dut uste gainontzeko kideek neskok desberdin ikusten gintuztenik ez gaituztenik. Zentzu horretan, uste dut nire belaunaldiak ez duela ikusten desberdintasunik dagoenik genero bakoitza sar daitekeen eremu profesionalen artean… hala ere, badirudi, praktikan, gure bide profesionalak aukeratzerakoan, egon badagoela bereizketa bat.
Zergatik uste duzue gertatzen dela hori?
Olaia: Uste dut, neurri batean, bakoitzak etorkizunean gure buruak horrelako lan batean nola ikusiko genituzkeen aztertzen dugula. Baliteke, esparru horretara sarrera daukagula jakin arren, hor bistaratzen ditugun erreferenteak eta gure burua nola hautematen dugun desberdinak izatea, eta, beraz, hor ez islatzea.
Izan liteke, baita, aukeraketak egitea dagokigun uneetan ez izatea nahikoa informazio edo esperientzia hurbilik aurrean ditugun aukerei buruz.
Dori: Egia da. Erreferenteak oso garrantzitsuak direla uste dut. Zenbat eta erreferente gehiago izan, familia edo inguruneko esperientzia hurbilengatik, eta zenbat eta gehiago ikusi islatuta gurearen antza izan dezakeen errealitate bat, orduan eta errazagoa da hor ere egon gaitezkeela sentitzea.
Zuen ustez, zeintzuk dira egoera hori eraldatzeko gakoak?
Dori: Uste dut aurrerapauso handiak eman direla eta emakumeak gero eta presentzia handiagoa duela alor guztietan. Horren ondorioz, emakume gehiago ikusten ditugu esparru horietan, eta horrek erraztu egiten du belaunaldi berriak bertan islatuta sentitzea.
Olaia: Uste dut hezkuntza sistemak ere zerikusi handia duela aldaketa honetan. Nire kasuan, Mondragon Korporazioak indar handia duen zonalde batetik etorrita, betidanik industrian lan egitea ageriko aukera izan dela sentitzen dut. Ikastetxe askok lanbide-heziketako eskaintza zabala dute, eta eskaintza hori unibertsitate tekniko bati lotuta dago… eta bi kasuetan industria-ingurune indartsu batekin lerrokatuta dago baita. Uste dut horrelako ekosistemak onuragarriak direla helburu honetarako.
Halaber, nire ustez, hezkuntzaren ikuspegitik, oso garrantzitsua da gazteagotan zientziaren eta teknologiaren munduekin (fisikaz, kimikaz eta matematikaz haratago) harremana izatea, esperimentatzeko aukera eman dezaketen tailer edo jarduera ukigarriagoen bitartez.
Dori: Edonola ere, uste dut gizartea kontzientziatzeko lanean jarraitu behar dela, eta emakumearen independentzia eta esparru jakinetara sarrera sustatzeko sortu diren tresnak egoki erabili behar direla, maila profesionalean zein sozialean… Uste dut, sozialki, zentzu askotan “atzera buelta” bat bizitzen ari garela, emakumeen rol batzuk idealizatuz, jarrera bortitzak edo kontrolatzaileak izanda bikote gazteen barruan… gizon eta emakumeak etsaitu nahi dituzten mezuak eta jarrerak ere badaudela uste dut, berdintasunaren kontzeptuan aurrera egin ordez, hori izan beharko litzatekeenean bilatzen duguna… gai kezkagarriak eta landu beharrekoak direla uste dut.
Olaia: Ados nago. Uste dut belaunaldi gazteenak ez garela hain inplikatuta sentitzen aurreko belaunaldien borrokarekin eta lorpenekin eta, kontatzen diguten arren, gure egungo eskubideak emantzat edo naturaltzat jotzen ditugu… baina konturatzen ari gara jarrera erradikalizatuak hazten ari direla… eta uste dut arriskutsua dela.
Adibidez, bideojokoen zale naizen aldetik, misoginia eta emakumeen aurkako indarkeria handia sumatzen dut bideojokoen munduan. Eta ez naiz jokoen narratibaz ari, emakume-jokalariak baztertzen eta iraintzen dituzten gizonezko-jokalarien jokabideaz baizik, emakumeak izateagatik bakarrik baztertzen eta iraintzen baitituzte askok… Uste dut hori oso lotuta dagoela Interneteko anonimotasunarekin eta gaur egun indarrean dagoen “zero zentsura” politikarekin. Testuinguru horretan gorroto-mezuak zabal daitezke inongo ondoriorik gabe… Horrek guztiak jarrerak polarizatzen laguntzen du, eta ezagutzen dugun sistema arriskuan jartzen du.