Eskualdeko erreferentziazko enpresa eta eragile ugarik, horien artean AZTERLAN Metalurgia Ikerketa Zentroa, Durangalderako etorkizuneko apustu garrantzitsu honen aurkezpenean parte hartu dute.
Helburua da eskualdearentzat trebakuntza eta sustapen ekonomikoko eredu berri bat bultzatzea, enpresen modernizazioa eta lehiakortasuna bultzatzeko gai izango dena, Durangaldeko lehentasun estrategikoekin bat datozen oinarri teknologikoko enpresa berriak sortzen lagunduko duena eta funts eta proiektu estrategikoak Eskualdera erakarriko dituena.
Proiektua gaur goizean aurkeztu da Durangon, eta bertan izan dira Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburua, Elixabete Etxanobe, Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatua, eta Mireia Elkoroiribe, DEK – Durangaldea Enpresa Ekimeneko eta Durangoko Mankomunitateko lehendakaria. Aurkezpenean izan dira, halaber, Adolfo Morais, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea; Jorge Arévalo, Lanbide Heziketako sailburuordea; Ainara Basurko, Ekonomia Sustapeneko diputatua; Txaber Ouro, Sprilurreko gerentea; DEK – Durangaldea Enpresa Ekimenaren bazkide sustatzaileak (horien artean dago AZTERLAN), Durangaldeko alkateak eta eskualdeko erreferentziazko enpresetako ordezkariak.
Durangaldeko Ekogarapen Gunea Eskualdeak enpresa-ehunaren lehiakortasuna handitzeko, talentua atxikitzeko eta fidelizatzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko egindako hausnarketa-prozesu baten emaitza da, trantsizio demografiko-sozialak, energetiko-ingurumenekoak eta teknologiko-digitalak markatutako testuinguruan. Horrela, DEK – Durangaldea Enpresa Ekimenaren bazkide sustatzaileek eskualdearen etorkizunari buruzko beren ikuspegia plan estrategiko batean islatu dute. Plan estrategiko horren bidez, ekosistema oso bat garatzen da, enpresa adimendunaren, enpresa jasangarriaren eta enpresa sortzailearen inguruan ekonomia-sustapen iraunkorra eta eskualde-lehiakortasuna bultzatzeko.
DEK – Durangaldeko Enpresa Ekimena
DEK – Durangaldea Enpresa Ekimena, Eskualdeko ekonomia sustatzeko erakunde berria, abenduan jarri zen martxan, Durangaldeko Mankomunitateak, Amorebieta-Etxanoko Udalak, Azterlan Zentro Teknologikoak, Durangaldeko Enpresen Elkarteak eta CIFP Iurreta LHII, Maristak Durango-Ikastetxea eta CIFP Zornotza LHII lanbide-heziketako ikastetxeek osatutako talde eragile baten lan koordinatuari esker. Hau da, Durangaldeko erakunde-, enpresa-, teknologia- eta prestakuntza-arloko erakundeak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Bizkaia Orekan Sakonduz eskualdeko lehiakortasuna bultzatzeko estrategiaren esparruan.