GIFA Galdaketa Teknologien Nazioarteko Azoka mundu mailako topagune nagusietako bat da sektorearentzako. Hainbat ediziotan zehar, lau urtero egiten den gune hau erreferentziazko ekitaldia da AZTERLANentzat ere, izan ere, metalurgian eta material metalikoen eraldaketarako teknologietan espezializatutako zentro teknologikoa den aldetik, industria horri lotutako ibilbide luzea du.
Susana Mendez AZTERLANeko Galdaketa Teknologien zuzendariak azaldu duenez, “GIFA mugarri estrategikoa da gure lantaldearentzat, gure garapenak eta gure ustez sektoreak maila teknologikoan norantz egin behar duen erakusten eta egiaztatzen laguntzen diguna. Galdaketa-komunitate globala adi egoten da GIFAn aurkezten diren berrikuntzen inguruan; horregatik, une garrantzitsua da gaitasunak erakusteko eta sektoreari entzuteko”.
Edizio honetan, AZTERLANek GIFAn aurkeztutako garapenak galdaketa-prozesuaren integrazioaren eta adimenaren inguruan zentratu dira. “Urte batzuk daramatzagu defendatzen iragarpen-teknologiak, galdaketari fabrikazio akastuna saihesteko eta prozesuak optimizatzeko eta doitzeko aukera emango dioten tresnak industriaren etorkizuneko gako nagusietako bat direla”. Metaleko enpresen lehiakortasun industrialera bideratutako zentro teknologikoa izanik AZTERLANen helburua prozesu industrialetarako ezagutza erabilgarri berria garatzea da. Xede horrekin, IoT teknologiek eta 4.0 industriak enpresek zuzenean aplika ditzaketen teknologia espezifikoak eta tresnak garatzea ahalbidetzen dute, eta haien ezaugarri bakarretara egokitu daitezke. “Simulazio-softwareek, prozesu-datuak kudeatzeko eta ustiatzeko plataformek, ad-hoc eredu prediktiboen garapenak… ezagutza aditua eta ezagutza berria bateratzea ahalbidetzen dute, azpiprozesu bakoitzean lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin. Erakundearen know-how-a finkatzeko eta prozesuaren etengabeko ikaskuntza automatizatzeko gakoak ere badira”.
AZTERLANeko galdaketan adituak ziurtatu du galdaketa-industriak badakiela dagoeneko teknologia horiek zer ekar dezaketen; horregatik, uste du industria prest dagoela hurrengo jauzi teknologikoa barneratzeko. “Urte askotako lanaren ondoren, teknologia horiek galdaketa sektorean/prozesuan sartzea lortu dugu, eta eskaintzen duten balioa erakutsi dugu. Orain, hurrengo jauzi teknologikoa adimen artifizialaren eta pertsonak eta rol operatiboak galdaketaren kontrol eta kudeaketa globaleko sistema honetan integratzearen eskutik etorriko da. Hau da, datu/mezu garrantzitsua une egokian esku egokietara iristea lortu behar dugu. Horrela bakarrik lortuko dugu benetako eraginkortasuna eta modu prebentiboan jarduteko gaitasuna”.
AZTERLANek GIFAn aurkeztutako Galda-Murgiltzailea non Thermolan®, Kasandra®, PDManager®, Salomon, DyMetriCS®, prozesuko atalen Biki Digitalak eta kaptura agenteak integratzen diren Sentinel® plataforman eta galdaketa rol operatiboen inguruan.
Horrela, prozesua monitorizatzeko garatutako tresnak denbora errealean eta orientazio prediktiboarekin jarraipena egiteko nola integratzen diren erakusteaz gain, AZTERLANek garapen-ildo berriak ere eraman zituen GIFAra, hala nola, aurpegia ezagutzeko sistema bat integratzea Sentinel® adimen artifizialeko plataformari lotuta, “kasu honetan, ustezko fabrikazio-planta batera sartzeko baimena eman edo edo ez eman erabakitzen zuen plataformak norbanako bakoitzak janzten zituen NBEen arabera. GIFAkoa erakusle soila bazen ere, uste dugu gure gunera hurbildu direnek ulertu dutela planteamendu horien atzean dagoen balioa eta proiekzio-gaitasuna, bai eta AZTERLANek pertsonak produkzio-espazioetan murgiltzean oinarritutako garapenak egiteko duen gaitasuna ere. Horrelako garapenen bidez, datuen kudeaketa propioa izango da gizabanako bakoitzarentzat, dagokion mailan, eta ezagutzaren ekonomia industria-errealitatetik hurbilago dagoen ideia izango da”.
Iraunkortasuneko eta errendimendu handiko konponbideak eta abian dauden proiektu garrantzitsuak
Hala ere, AZTERLANek galdaketarako interes handikoak diren beste esparru batzuk ere partekatu ditu GIFAn, hala nola, prozesuen eraginkortasuna edo ingurumen-irtenbideak. “Ezin bestela izan, produktibitateak eta ingurumen-kudeaketarekin lotutako gaiek (hondakinak eta emisioak interes bereziko eremuak izanik) gai garrantzitsuak izaten jarraitu dute galdaketa-eragile desberdinekin izan ditugun elkarrizketetan, edozein jatorri edo herrialdetakoak zirela ere”. Hala, kontzeptu horiek Zentroak garatutako prozesuak kontrolatzeko bitartekoetan ere txertatzen joan badira ere, garrantzi handiko eremuak dira, eta, berez, “helburu nagusi horietara bideratzen dira gure garapen guztiak: produktibitatea, zero errefusa eta helburu espezifikoak lortzea, bai ingurumenaren eremuan, bai produktuen kalitatean, bai energia-eraginkortasunean. Izan ere, galdategiek markatzen dute gure garapen-agenda, beren kezka, erronka eta helburuekin”.
AZTERLANen standa ere topagune izan da momentu batzuetan, eta martxan dauden proiektuen baitan egiten diren garapenetako batzuk bertan erakutsi dira. Hala, besteak beste, LIFE GreenCasting proiektuaren bilera hartu du. Burdina galdatzeko prozesuan aglomeratzaile ez-organikoak sartzeko lanean ari da proiektu honen lantaldea. Horrez gain, Nemarco, Hipermat, Circom, MPC edo Kasandra bezalako proiektuen aurrerapenak eta lorpenak aurkeztu dira, besteak beste.
Azkenik, azpimarratu behar da AZTERLANek NEWCAST-Forum-aren programa teknikoaren baitan hartu zuela, azokaren barruan, eta bertan Susana Mendezek eta Aitor Loizagak (Burdin Galdaketaren Teknologien arduraduna) “NUCLEATION AND SOLIDIFICATION MODELIZATION OF IRON ALLOYS FOR PROCESS CONTROL IN REAL TIME (KASANDRA®)” lana aurkeztu zutela. AZTERLANen garapen berri horri esker, barne-osasunari dagokionez aurreikusteko moduko fabrikazio-ereduekin lan egin ahal izango da, simulazio-prozesuan metalaren ezaugarri metalurgikoak denbora errealean txertatuz.