SOCIEMAT Materialen Espainiar Elkarteak eta CSIC Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluak antolatuta, ikastaroaren lehen edizioa Gaztela-Mantxako Unibertsitatean egin da.
Enara Mardaras doktorea, AZTERLANen Material Metalikoen Korrosioa eta Babesa ikerketa-lerroaren koordinatzailea, ALESCORR Korrosioko goi espezializazioko ikastaroaren 1. edizioko irakasleetako bat izan da, SOCIEMATek eta CSICek antolatutakoa fenomeno horren azterketan eta prebentzioan materialen arloko profesionalak prestatzera zuzendua.
Ikastaroaren baitan, Mardaras doktoreak materialak eta estaldurak baliozkotzeko erreferentziazko araudia azaldu du, korrosioaren aurrean duten portaerari dagokionez. “Nazioarteko estandarrek materialek eta estaldurek bete beharreko baldintzak definitzen dituzte, haien aplikazio praktikoaren eta erabiliko diren medioaren eta baldintzen arabera. Eskaera horiek eta baliozkotze lan hori egiteko eskura ditugun teknika analitikoak ezagutzea funtsezkoa da material eta/edo osagai metalikoen garapenean lan egiten duen edozein profesionalentzat”.
Bere aurkezpenean, Araudia – Korrosioko saiakuntzen zehaztapenak izenekoan, AZTERLANeko korrosioan adituak saiakuntza nagusiak nabarmendu ditu: medio azidoan egindakoak (pikor arteko arteko korrosio eta pitting bidezko korrosioaren saiakuntzak), ingurumen-korrosio saiakuntzak (gatz-lainoa, lurrun kondentsatua, ziklo klimatikoak), hidrogeno bidezko fragilizazio entseguak (SSC Sulfide Stress Cracking eta HIC Hydrogen Induced Cracking) eta saiakuntza elektrokimikoak. “Entsegu hauek guztiak AZTERLANek metal-mekanika industriarako eskaintzen dituen egiaztapen- eta ziurtapen-saiakuntzen artean badaude ere, ez dugu ahaztu behar korrosio-saiakuntza horiek funtsezkoak direla materialen garapenean aurrera egiteko, eta gako garrantzitsuak eskaintzen dituztela osagai metalikoen propietateak optimizatzeko”.
Ikastaroa bi egunekoa izan da eta ikuspegi teoriko-praktikoa du. CENIM Ikerketa Metalurgikoen Zentro Nazionaleko, Mondragon Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Kantabriako Unibertsitateko, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko, Vigoko Unibertsitateko eta Eduardo Torroja Eraikuntza Zientzien Institutuko profesionalek ere eman dituzte eskolak.