Atzera

AZTERLAN eta TECNUNek medikuntza birsortzailean erabiltzen diren scaffold biodegradagarrien portaera modelizatu dute

Garatutako eredu informatikoak ingurune fisiologikoetan gertatzen den scaffold-en degradatzea eta egitura horien erantzun mekanikoa adierazten du. Garatutako eredu berria Ingeniaritza Biomedikoaren Espainiako Elkartearen XXXVIII. Urteroko Biltzarrean aurkeztu da.

 

Medikuntza birsortzailean asko erabiltzen den estrategia da egitura porotsuak edo scaffold biodegradagarriak erabiltzea, zelulak ugaritzeko euskarri gisa. Ehun berria hazi ahala, egitura horiek degradatu egiten dira, gorputzak guztiz xurgatu arte.

Elementu horien propietate mekanikoak funtsezkoak dira zelula-ehunaren hazkuntza egokia bermatzeko prozesuan zehar. Propietate horiek bermatzeko, TECNUNek eta AZTERLANek material porotsu horiek ingurune fisiologikoetan duten higadura-portaera aztertu eta modelizatu dute, baita degradazio-une bakoitzeko zurruntasuna eta haustura-karga ere.

Ikerlanaren egileen hitzetan, “garatutako ereduaren emaitzei esker erlaziona daitezke mikroegituraren denbora-bilakaera, masa galtzea, modulu elastikoa, haustura-karga eta arrakalen hazkuntza”. Honela, proposatutako algoritmoak geometria errealistak eta haien portaera modu kontrolatuan erreproduzitzeko aukera eman du.

Aplikatutako deformazioa handitu ahala, mikroegituran dauden tentsioen banaketa.

Ikerketa-lana bat dator aplikazio espezifiko eta zorrotzagoei erantzuteko gai diren material eta egitura berriak garatzeko orduan gero eta indar gehiago hartzen ari diren simulazio-tresnen garapenarekin.

Hala, simulazio-tresnek abantaila handiak eskaintzen dituzte, prozesu esperimentala murriztetik hasi eta karakterizazio-saiakuntzak eta ondorengo kalitate-kontrolak minimizatzera, piezen barne-osasuna eta ezaugarri mekaniko eta egiturazkoak ziurtatuz. Materialen eta prozesuen garapenaren esparruan, tresna horiek aukera ematen dute materialek eta diseinuek mugaldeko parametro desberdinen aurrean duten portaera ebaluatzeko, bai eta fabrikazioan erabiltzen diren osagaien eta tresnen diseinua optimizatzeko ere.

Garatutako eredu berria Ingeniaritza Biomedikoaren Espainiako Elkartearen XXXVIII. Urteroko Biltzarrean aurkeztu da, azaroaren 25ean, 26an eta 27an egin dena.

Azterlan Team
Azterlan Team
RE·Thinking Metallurgy. 40+ años acompañando a la industria metal-mecánica.